Badakizuen soldado frantsesak eta alamanak, hainiz tokitan, beren erreka ziloekin, elgarretarik hurbil bizi direla. Ezen erreka hoitan maiz batzu bertzeen ganik hogoi-ta-hamar edo berrogoi urhatsetan aurkitzen dire.
Hola errechki mintzatzen ahal dire elgarri, eta maiz mintzatzen ere dire.
Gehienetan Alamanak hasten dire lehenik; galdetzen ere dute maiz elgarrataratzea bi erreken artean elgarrekin solastatzeko deskantsuan.
Zertako bada hori? Ez dakit batere. Nik dakitana da, han ibili diren eta ezagutzen ditudan soldado zenbeitek erranik, hori hola dela. Huna hoitarik batek zer zaukun erraiten.
Baziren bi erreken artean Alaman zonbeit hilak eta ja usaintzen hasiak. Haizeak usaina alaman erreken alderat zeraman. Soldado Alamanek, beren errekatik, galdetzen diote Frantseseri, eia utziko dituzten, tirorik gabe, hil hoien ehorzterat, ezin jasanezko usain tzar bat heldu baitzaiote.
Frantsesek ihardesten diote baietz eta orduan, baitakite fida ditekela hoien hitzari, ilkitzen dire beren ziloetarik andana on bat, eta laster ehorzten dituzte hilak.
Lana egin ondoan, erraiten diote soldado frantseseri, hek ere ilki diten deskantsuki beren erreketarik, solas zenbeiten elgarrekin egiteko. Ezen Alaman hainitzek ba omen dakite frantsesez mintzatzen.
Hurbileko soldado frantsesak ilki zizren; eta horra non diren Frantses eta Alaman, bi erreken artean, elgarrekin, batere etsai ez balire bezala. Elgarri zerbeit emaiten diote, ola jateko ala pipatzeko; eta gero, eskuak ukitu ondoan, sartzen dire bakotcha bere errekan. Hanbat gaichtoago orai norbeitek burua errekatik kampo agertzen badu; tiro batek nekez huts eginen du.
Bertze ezagun baten ganik ere jakina naiz, nola Alamanek galdtua izan zen behin bertzen lagun batzuekin bi erreken artean heiekin solastatzerat.
Biharamunekotz ere hitzemana zuten hola eginen zutela. Bainan aitzindari nausi batek jakin zuen eta debekatu. Beraz oihu egin behar izan zioten ez ziten ilki beren errekatik, ez bazuten tiroz joak izan nahi.
Eguerri gauean ere, utzi dituzte, zenbeit tokitan, soldadoak bi erreken arterat etortzerat beren Eguerriko kantuen kantatzeko.
Aitzindari nausiek manatu dute tiro egitea hola agertzen diren Alaman guzieri.
Zertako dabiltza hola Alaman soldado hoiek gurekin mintzatu nahiz? Jateko eske othe? Uste izan dut hastean eta galdetu diot han hola ikusi dituen norbeiti. Hunek ihardetsi daut ez zaiola iduritzen.
Alamanek, mintzatzerat etorri zitzaiztenean, ekarri zioten haragia, untzi hetsietan beiratzen dena. Eta Frantsesek, ordainez hoiek ere zerbeit eman nahiz, eman ziozkaten chardinak untzietan beiratuak.
Beraz Alamanek bertze chederik dukete, eta, segur, chede onik ez batere.
Badakizue nola, gerla hunen aitzinean, ibiliak diren Frantzian bazterren antolatzen heien armadak hemen sartuko zirenenkotz, orai bakarrik ohartu garen bezala.
Itchura guzien arabera, orai ere jukutria tzar zerbeit badukete. Horra zertako gure aitzindari nausiek ez duten nahi gure soldadoek utz detzaten Alamanak hurbiltzerat solasean aritzeko.
Ongi hori.