GERLAKO BERRICHKAK

Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerlan, soldado Frantses batek kantatu zuen eguberri gauean, chutik, Alamaneri buruz, phesta hortako kantu airos bat. Utzi zuten etsaiek, azken kobla eman artio: ichildu zenean, tiroz garbitu zuten berehala, eta lurrerat erori zen, hil gogor.

Eguberri gaua ginuen bada. Gain batean, harrokan ehortziak, Alamanak hor ditugu, hurbil hurbila. Frantsesak beherachago, harrobi zilho handi batean gordeak, pausuan; bospasei metre harri bi etsaien artean. Guardiako gizonak lerro lerro beren erreketan, begi beharriak erne.

Betbetan, Alamanek oihu egiten dute Frantseseri: «Kamarad! Eguberri dugu! Athera zuen zilhoetarik deskantsuan! Egin dezagun guziek kantu!»

Frantsesak jali dire. Harroka gainean, Alamanak hasi dire kantuz, frantsesez: «Minuit chrétiens, c’est l’heure solennelle!»

Frantsesak irriz. «Egizue bada gurekin kantu, diote Alamanek. Zertako ez duzue kantatzen?» Eta hek aintzina beren kantuari, akordeon batekin.

Kantua bururatu dutenean, oihu egin dute berriz: «Sar laster zuen zilhoetarat!»

Saguak bezen zalhu, Frantsesak zoin bere tokietan kokatu dire.

Ordu berean tiroak pirrindan iragan dire Frantsesez gainez gain.

Eskualdun hanitzek entzun dituzte kantu hek. Tokia ere chuchen erranen dute gerochago.

Handik ezkerrago, gau guzia kantu errepikan ereman dute Alemanek, musika tchar batzuekin.

Frantsesek zenbeit tiro gainerat igortzen zaizkoten artetan. Eta heiek arrapostu frantsesez: «Salaude de Français!»

GAUERDI-KO MEZA

Ez da egundaino ikusi hoinbertze meza toki hautan, eguberri gauean. Hainitz kofesio eta komunione. Ez da baitezpada Eliza beharrik hortako. Ochtian aipha nuen harrobi zilhoan ere bazen gauerdiko meza. Bertze etche zahar batzuetan ere, etsaiaren sudurretik hurbil. Oro ezin bil, alabaina, nahi den tokirat.

Beharrena bazen orotan, othoitz kartsua. Sei, zazpi urthe hontan erlisioneko urhatsak utziak zituzten batzu mahain saindurat hurbildu dire…

ESKUALDUN KANTIKAK

Eskualdunari eliza kantua egundainotik lakhet zaio. Bizpalau errechimendutan Eskualdun hainitz ba da hemen gaindi. Errepika ederrik egiten dute zonbeitek zeremonietan.

Eguberriko kantuak ere igorri dauzkigute Hazparneko misionestek. Milesker igortzaileari.

Biharamun goizean Lekhorneko chantreak emaiten zituen airoski nunbeit, ehun bat Eskualdunekin.

ESKUARAZ-KO KOFESIOA

Zoin zautzue hoberenik, eskuaraz ala frantsesezko kofesioa?

Eguberri omiako igande goizean, soldado eskualdun bat heldu da kofesatzerat, entzunik apez eskualdun batekin ukhanen zituela bere aferak.

«Ori, jauna, herenegun kofesatua niz, bainan frantsesez. Etzaut iduri batere egina nizela».

ERRIENT BATEN LIBURUA

Errient gazte bat bada hemendik hurbil, soldado aintzindari. Liburu ttipi bat berekin dauka bethi. Egun oroz zenbeit lerro bederen irakurtzen ditu, lo hartu aintzinean.

Zer othe da ba liburutto hori? Jesu Christoren imitazionea.

Egun hautarik batez, jaun gazte horren kompainiaren kontra Alamanek egin dute indar gaitza. Kapitainak eta oro harrituak, ez jakin norat itzul. Handik ez urrun, bazen aintzindari bat, apeza. «Zoazte norbeit apez horrek bilha, dio kapitainak. Chahu gira. Zoazte bada laster, egin dezan othoitz bat, latin edo nahi duena, zerbeit. Erna bada hortik.

Errient gazteak ordu berean bere liburu ttipia eskuetan harturik, kapitulu bat irakurtzen dio kapitainari, ezti eztia.

Anhartean soldadoak ari ziren beren lanari, jo eta jo, eta Alaman guziak ihesi…

Errient hori ez da Eskualduna, baina ez da urrungoa ere.

ESKUALDUN SOLDADOA

Aintzindari bati galdegiten zuen egun hautan Eskualdun batek: «Zer diozu bada gure herritarrez? zer soldado dira? ―Hautak! Konfientzia osoa dugu heien baithan. Gerlako lanari jarriak dire nor nahi baino hobeki; bertzalde iraunkor, osagarri onekoak. Barneko lanetan ere trebe, zopa egile hoberenak eta garbienak. Ori, zato ikusterat. Ene zaldi zaina eta kozinera biak eskualdunak ditut!»

ZANGOETAKO HOTZA

Zangoetako hotza (?) dugu biziki. Hainitzek jaunzten dituzten bi galtzerdi pare, lehenik kotoinezkoa, eta gero gainetik lenazkoa. Zapetak aski handi direnean, ez da halakorik.

Bertzalde biharamunean jiten zaut soldado bat. «Errazu, baduzu oraino «vaseline» hartarik? ― Zer Berriz! Herenegun ukhanak ditutzue hamasei kilo, zuen errechimenduko! ― Ba, baina zer nahuzu? Erredu dugu (?) guzia! ― Erre!? nora mirakulu? ― Ori, mitcha (?) batekin charmanteko argiak egin ditugu eguberri gaueko. Ez zaukuten errana, zertako ginuen, eta orai kolonela sudur hichtu handitan dugu!»

LABORARI TRAIDOREA

Alamanek bazter guzietan bazituzten beren gizonetarik, dirutan erosiak. Ororen berri bazakiten, guk baino hobeki.

Hemen berean, gudu tokiaren erdi erdian, laborari etche bat bazen Alemanen eta gure artean. Gizon zahar bat han bizi bakarrik.

Egun guziez brigadier frantses bat sartzen ikusten zuten etche hortan. Bartzalde, Alamanen bolborak etche hori bethi chutik uzten, bertzeak ez bezala.

Azkenean gizon zaharrak tripan zer zaukan ikusi dute frantsesek. Gure saltzen ari zen. Brigadier frantses hura Alaman aintzindari bat zen, frantses arropan.
Gizon traidorea herriko plazan tiroz garbitu dute hamabi soldadok. Hamabi balak bihotzean zituen, erdiz erdi.

Etchean hatzeman daizkote bi mila eta zazpi ehun libera.

EGUR ZAMA

Eskualdun batekin ari nintzen atzo solasean, gerlako ichtorio. «Egurrik baduzue zuen alderdi hortan? ― Bai oihan bat badugu hurbil. Ez da haatik bethi toki gochoa. Orai, duela zenbeit egun, egur zama bat bizkarrean heldu ginelarik betbetan hasi zaizkigu beren «obus» debruekin, karraskan. Zilho batean sarthu niz zalhu. ― Eta egur zama? ― Egur zama? Serafutrs igorri, eta arrosorioak hartu!»

Gerla tokitik, Abendoaren 28an

J. S. P.

Eskualduna, 1915eko urtarrilaren 8a, 1. orrialdean

There are no comments on this post.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.